
Umetatik begiratu izan diot Pellori miresmen puntu batez. Arrazoia zein zen ez nekien orduan, baina gerora argitu zait orduko sentimendua. Begiratzen nion miresmenez. Miresmenez, artista zelako: ARTISTA. Hil egin da eta hori galera da kulturarentzako, elgetarrondako.
Sormena
Pellok ideiak modu originalean sortzeko gaitasuna izan du. Oso gogoan dut dimentsio handiko koadro bat: iluna, tetrikoa zela esatera ere ausartzen naiz. Inpresioa egin zidan. Beti izan dut koadro horren irudia buruan. Horrekin geratzen naiz.
Adierazkortasuna
Sentimenduak, pentsamenduak edo ideiak pinturaren bidez adierazteko gaitasuna zuen elgetarrak. Bere barne-mundua kanporatzeko erabili zuen koadro beltz horretan bihotz gorri bat. Bihotz bat taupadak ere transmititzen zituena. Niretzat, beltzaren gaineko esperantza bizia.
Ingurua ikusteko gaitasuna
Pellok inguratzen duten artista-mundua oso lotua zegoen bergarar pintoreekin. Esango nuke bere obran trazo handiagoetan eta collageetan hasitakoa ekarri zuela detaile txikiagoetara. Aitor dezadan ez naizela aditua gaiotan, inor haserretu aurretik. Beharbada, bera dagoen lekuan egonda ere haserretzen hasia da dagoeneko.
Sentsibilitatea
Inguruko egoera, emozio eta jendearen aurrean sentiberatasuna. Euskaltzaleen egunean plazan izan zen bazkaltzen. Eta haserre eta haserre artean ere bihotza; beltzean esperantza. Jakin dudanez, eta ohikoena ere ez zen arren, ilobak izan zituen hizpide bazkari-tertulian. Goienaren mikroari beti erantzun zion, baita kale-inkestak egin izan ditugunean ere. Ez, ez zion ihes egiten mikrofonoari. Bazuen zeresana.
Irudimena
Mundu berriak sortzeko gaitasuna bazuen, ikusten nituen koadroetan existitzen ez ziren munduak ere, eta horrek txunditu egiten du bat. Goizeko 08:00etako kafean pertsona “normala” zenak, esan nahi bada gu besteko “normala, normalik bagara” pertsona “estra” bat zekarren barruan, munduak sortzerainokoa, beltzean esperantza moduan. Niri, bere obratik, minimalistenak gustatzen zitzaizkidan; dimentsio handiko koadroetan pintatzen zituen lan minimalistak.
Bere obrez zioen “nire ustez erraz ulertzekoak dira nire pinturak. Ni ez naiz beste pertsonak baino burutsuagoa; artistak beste gaitasun batzuk garatzen dituela eta mundu fiktizio bat egiten duela gertatzen da; hor plasmatzen ditu gero bere bizipenak”.
Jakintza eta kultura
Artista gehienak moduan, artearen historia, beste artisten lanak eta garaiko joerak ezagutzen zituen. Pellok gustuko zituen Lucio Muñoz edo Gordillo, esaterako. Aste honetan zuen hotela hartuta Madrilen astebete pasatzeko. Museo batzuek zituen begiz jota. Bere hitzak dira: “Jendeari ez zaio pintura interesatzen. Arraroa bada edo erraz ulertzen ez bada jendeari ez zaio gustatzen eta nahiago ditu futbola eta horrelakoak”. Madrilen izan zituen bere koadroak erakusgai Pellok 1992an, eta ondo joan zen erakustea hura.
Konpromisoa eta “burugogortasuna“.
Pellok bere lana egiteko denbora behar zuen eta eskaintzen zion. 8 orduko lan baten ostean ateratzen zuena, kasu honetan ere. Beste disziplina batzuetan moduan, Euskal Herriko artistek ez dute erraz orduak eskaintzea kulturari. Ahalegina bazegoen, behintzat. Hori bai, ez zuen ulertzen milioiak ordaintzea koadro batengatik. Bere hitzak dira: “hori adar-jotze hutsa da eta ez du artistaren errekonozimenduarekin zerikusirik”.
Askatasun espirituala
Estilo, pentsamendu edo joera tradizionaletatik aurrerago begiratzeko bazuen grina. Sarri zen burugogortasun hori haserre bihurtuta. Askatasun hori onartzen zitzaion lagunartean. Pello zen. Artista zen. Gure herriko artista zen. Zioen: “jendeak ez ditu pinturetan-eta diruak gastatzen. Nahiago du txikiteoa eta horrelakoak bakarrik. Ondorioz, gaitasunik ez da garatzen. Artistaren mundua eta gainontzekoena ezberdintzen dira horrela. Gauza ezberdin baten aurrean ez dugu pentsatzen, eta okerragoa dena, ez gara ulertzen saiatzen!”
Pinturak
Olioa, akuarela, akrilikoa, pastelak, tenperak periodiko paperekin lanak… dimentsioak koadroetan. Eta errekorteak eta fotokopiak, eta… pinturaren barruan erabili ditu hamaika molde. Nik ez diot ezagutu ikusten duena kopiatzen: bere irudimenetik sortu du, elementuak berrasmatuz, sinbolismoa erabiliz edo estilo propioa garatuz. Pellok lortu zuen bere artelanak ez izaten beti objektuak bakarrik: sentipenak ere islatzen zituen. Baita koadro minimalistenetan ere.
Elgetarekiko harremana
Elgetarron ispilua ere bazen, seguruenik. Artistak izan behar du, gainera: gizartearen arazoak, injustiziak edo balioak islatu eta kritikatzeko gaitasuna pintatuz adierazten zuen. Bere lanean zegoen esateko zuena. Seguruenik artista ez garenok baino landuago eta irudimentsuago.
Dagokiguna da saiatzea
Ez da erraza izaten artisten lana, egunerokoa, obra eta abarrak ulertzea, baina artista ez garenoi badagokigu ulertzen saiatzea. “heziketan hutsune bat nabari da arteari dagokionean” zioen Pellok Goibekokalen, 1995eko apirilean. Goibekokale aldizkariaren azala eta erreportajea egin genituen berarekin. Ahal dena hartzea, ikastea, gozatzea saiakeran, eta egindakoa aitortzea. Hil da Pello, baina bere koadroek jarraituko dute hitz egiten. Beharbada, badagokigu egin zaion baino kasu gehiago egitea. Atzera ezin dugu egin eta hutsune hori konpondu, baina aurrera begiratu eta Espaloia kafe antzokian erakusketa handi bat egitea ez litzateke sobera egongo. Kultura da gure territorio libre bakarra eta gure esku ere badago artisten obrak herritarren gozamenerako erakustea. Koadro artean egongo da Alberdi, seguru. Eskerrik asko, Pello.